Albisteak

 

Busturialdeko Hitza-ko informazioa

Begiak itxi eta lasaitasuna arnastu daiteke. Urdaibai itsasadarrean, Erreserba Biosfera bertan, Busturialdeko eta Bizkaiko industriaren aitzindaria da. Xarma berezia dauka Muruetako Teileriak, eta bertan egon denak ezingo du horrelakorik ukatu.

Naturgune ezkutua da, eta ezagutzen ez duenarentzat aurkitzeko modukoa, dudarik gabe. Muruetako Teileriaren jatorria XV. mendearen aurretik kokatu behar da, eta buztingintzarekin dago lotuta. Lantegi berria 1892. urtean sortu ze: La Estrella. Berau izan zen Urdaibaik ezagutu zuen lehenengo fabrika. Geroago, akziodunak aldatu eta Aurrera S.A. izena hartu zuen.

Leku horrek ezagutu duen azken enpresak Ceramicas de Murueta izena zuen, 1934. urtean sortu eta 1973. urtean itxi zutena. Zeramika lantegiak lehortehiak, biltegia, makineria mekanikoa, tren sarbidea, moila eta buztina bagoitxoetan garraiatzeko pasarela biltzen zituen. 1.500 metro koadroko lursaila, gaur egun aisialdi gune bihurtuta dagoena.

Industriaren historia

Lantegia zenaren aztarnak badaude gaur egun oraindik: tximinia eta labeak ikusiko ditu bisitariak, historiaren lekuko, gaur egun oraindik tinko mantentzen direnak.

Busturialdeak bizi izan zuen Industria Iraultzaren ikur da antzinako Teileria. Industrializazioaren testigantza ezin hobea jasoko dute bisitariek hango aztarnetatik. Urdaibai Biosfera Erreserban, jardun ekonomikoaren ondare historikoa gordetzen duen lekua da.

Kantabriako eta Asturiasko behargintzak Muruetara etortzen ziren, egin behar zen eginkizunerako prestatutako langileak. Egurikatza erabiltzen zuten hasiera batean. Baina gero, Asturias eta Leondik ekartzen zuten harrikatza, trenez zein itsasontziz. Lantegietako lehen elektrifikazio ereduetako bat ere izan zen.

Gorago, Harrien Parkea dago. Lasaigune horretan ere atseden hartu dezakete herritar zein bisitariek. Gune naturala izanik, turismo jasangarria bultzatu nahi du Muruetako Udalak bai Harrien Parkean zein Teilerian. Horretarako, garbitasuna eta ingurumena zaintzeko erraztasunak eman nahi ditu, zaborrontziak ipinita.

Ibilbideak

Bilbo-Bermeo bidea trenean egiten dutenek leihotik ikusi dezakete Muruetako Teileria. Berdegune horretara errepidetik zein oinez heldu daiteke.

Izan ere, Gernika-Lumotik eta Busturitik badaude hainbat ibilbide lagunartean zein familian txangoak eta egunpasak egiteko egokiak eta erakargarriak direnak. Pedalkada ere hel daiteke bertara, oinezkoek egin dezaketen bide berbera bizikleta gainean eginda.

Gernika-Lumotik bost kilometro eta erdiko ibilbidea egin dezakete herritarrek, Muruetako Teileriaraino. Behin Teileriara helduta, gorago dagoen Harrien Parkean otordua egiteko tartea hartu daiteke. Indarrak bildu ostean bideari jarraitu gura dionak, beste 2,3 kilometro izango ditu Busturiko San Kristobal auzora. Gernika-Lumotik Busturira egin bezala, Busturitik Gernikara ere egin daiteke irteera.

Eleizaldetik, bizikletan edo oinez joateko gomendioa egin du udalak, ingurunearekin gozatuz horrela. Autoek Larrabe auzotik sartu behar dute.

Albistea (PDF 287KB)